Uncategorized

ADI ! irratsaioan azaldu gera


IrudiaAtzo Panpi Merkapidek daraman ADI programan azaldu ginen, ADI iparraldeko euskal irratietan federazioan programatzen da (Antxeta irratia Hendaiakoa, Gure Irratia Uztaritzekoa, Irulegiko irratia Donibane Garazikoa, Xiberoko Botza Maulekoa). Eskerrik asko PANPI !

klikatu irudian entzuteko

 

Estandarra
Uncategorized

BARRETARTIA.COM – elkarrizketa eroa !


MAKULU KEN, EUSKALAFROBEAT

makulu ken

Musika alaia, beroa eta dantzagarria egiten du Makulu Ken taldeak (Lasarte-Oria. Gipuzkoa); irrifarrea atera eta gorputza mugi arazten duena. Euskalafrobeat. Gitarra eta ahotsa jartzen dituen Xa2 makulu -rekin hitz egin dugu. Nahi ditugun galderak egin dizkiogu eta berak nahi dituen erantzunak eman.

Zein da Makulu Kenen jatorria? Ba ondo hasi gera, horren galdera zabalak egiten badizkidazu blog berri bat zabaldu beharko duzu erantzun ahal izateko. Jatorria… Big Bang, Virgo galaxia-kumuluaren sorrera, Esnebidea, Eguzki-sistema, Lur Planeta, bizitza, izaki zelulanitzak, kordatuak, ugaztunak, primateak… buf! azkeneko unetxoan gure espeziea bai, Homo economicus xahutzailli. Gure espeziearen ehun mila ta pikoko urteko ibilbidean duela oso oso gutxi sei mila milloi luze biztanleen artean gutxi batzuk bildu egin gara musika sortu eta jendearen bihotzetara iristeko asmoz. Baina hain ibilbide luzea eta gero, Homer Simpson bezala, nekatuta hasi gera aldez aurretik, gure belaunaldiko guztiek bezela… Horrek esplikatuko luke zergatik belaunaldiak diren gero eta alperragoak? Hariari eusten (nekez) bi hasi ginen afrikar musika garaikidearen kutsua duen zerbait egiteko asmoz eta earra in deu! Oraintxe zazpi partaide, 50 zuzeneko baino gehiago eta diska bat kaleratu… baino esaten nuen bezela, hasieratik kontutan hartzen badugu huskeri bat… Xanti Noriegari, gure produktoreari, ez zaio batere gustatuko sasiumiltasun hau baina neri esan didate modan dagoela eta badaezpada ere…

Zer esan nahi du Makulu Ken-ek? Izenaren istorioa talde gehienetan bezalakoa izango dela pentsatzen det: brainstorming, mila ideia, zerrendak, eztabaidak, adostu ezin eta bapatean norbaiti ideia marabilloso bat bururatzen zaio eta danok bai-bai-hori-hori, gero izenarekin ohitu eta ez dakizu ona ala txarra den… gurea. Ideia batetik sortu zen izena, izenean bertan ondo agertzen dena. Lehenengo hitzak, Makulu, besapeko, txanka, muleta edo makola esanahiaz aparte beste zentzu figuratibo bat ere badu: sostengarri, euskarri, eusle. Ken berriz kendu aditzaren agintea da, urruntzeko esanahiarekin, zokoratu. Beraz beste unibertso paraleloetan, non taldea aurrera ere jarraitu duen, izen alternatibo batzuk ez ote dira sortu? Txanka Urrun, Besapeko Utz, Makola Ut! eta abar. Beti ere beharrezkoak ez diren sasi-euskarriak alde batera uzteko aginduarekin, profeta batzuk izango bagina bezala ala FMI-koak. Bestalde, euskera alde batera utzita, beste hizkuntz batzuk kontutan hartuz esanahia ezberdina izan daiteke. Zulu ala swahili itxura duen hitza da makulu eta hara non zuluz makulu hitzak zahar esan nahi du edota ama handia, itzal handiko emakumea. Bestalde Ken ezagutu omen da eskoziarrez… beraz poliglota nahastu batek zera uler lezake: Know the Big momma.

Nola definitzen duzue zuen musika? Kostatu egin zaigu egia esan egiten duguna ohiko sailkapenetara egokitzen baina azkenean, jatorri nagusia aitortuz, izena jarri diogu: Euskalafrobeat, izen hibridoa beraz, Nigeriar Afrobeat-atik abiatuz sortutako euskal musika, euskaldunok egindakoa izanda euskal aurrizkia erabiltzea zilegi bada (Segurasko puristek, soziedadeetan puruak errez, errex ontzat emango ez dutena again). Askotan galdetu digute ea zergatik egiten dugun musika afrikarra. Guk ez dugu musika afrikarra egiten (hori Afrikan egiten dute) eta gainera ez dugu ulertzen zegatik ez diote galdetzen era berean beste guztiei zer dela eta musika ingelesa, estatu batuarra, jamaikarra, mexikarra edota irlandarra egiten duten.

Zuen letrak umorez, ironiaz, kritikaz eta “ganberrokeriaz” beteta daude. Errazagoa al da horrela esan nahi duzuena esatea?
 A bai? Hara! Harrituta uzten nauzu… Ba galderari ezin erantzun, oraintxe konturatzen bainaiz hitzetan horrelako trikimailuak erabili ditugula guk… Horren inguruan hausnarketa sakon bat egingo dut eta erantzungo dizut beste batean. Nik, Mercedes Milaren programa ahaztezin hartan Paco Umbralek egin zuen antzean, nahi dudana erantzungo dut, “yo he venido a hablar de mi libro”, zuk galdetu nahi duzuna eta nik nahi dudana kontatuko (egia esan artista gehienek hauxe egiten dute, ez dakit zergatik gogoratzen garen hainbestetan Paco Umbralek egin zuenarekin). Gure diska intimista da, sakon sokonetik ateratako inpresioz beterikoa, desioak, nahiak, bildurrak… Afrika abiapuntu, deserriaren kontzeptuarekin hasi ginen lanean, oso kontzeptu erakargarria egin zitzaigun, oso sugerentea, eta hortik tiraka ikusi genuenbbagenuela bide bat, eta beste alde batetik bagenuen gogoa esperimentatzeko beste molde batzutan, zeozer ezberdina egiteko gogoa sentitzen genuen. Diskak goxotik eta mikatzetik izan du ere, tunel hortatik pasatu behar izan gera, eta iruditzen zaigu hortik pasatzea ere izan dela guretzako ikasketa prozesu bat, eta momentu gordinetatik pasatu arren orain, atzera begiratuta, gutzako esperientzi ona izan dela iruditzen zaigu, musikariak bezela eta pertsonak moduan ere bai… Zer ez duzue ezer ulertzen ala? Eñaut Elorrietak esan dezake eta guk ez?! (http://www.berria.info/berriatb/1756/:P

Zer garrantzia du zuentzat umoreak?
 Ikuspuntu kontua da. Dena da barregarria segun nondik begiratzen duzun… adibidez, zer dakit nik, etxeko iturria.

Zein da zure kanta kuttunena? Gure kanten artean ala bestela? Orokorrean planteatzen baduzu galdera ezin erantzun, zerrenda luze bat egin beharko nuke. Gure kanten artean ezin esan, bestela beste kantek entzuten badute jeloskor jarriko dira eta agian bizitza guztirako trauma bat hartuko dute eta, garaiak garai, ez gaude gu psikologoak ordaintzen ibiltzeko momenturik hoberenean…

Ba ez daukat galdera gehiago. Zerbait gehitu nahi duzu? Bai, gora gu ta gutarrak ta kanpotarrak. Krisia antzerki publiko bat da, gu lapurtzeko trikimailu gardenegia. Errauskailua eta holako “azpiegiturek” ez dute zerikusirik erabilpenarekin ala beharrekin, gutxi batzuek azpikeriaz poltsikoak betetzeko negozio borobilak baizik, ez al du izenak berak esaten?. Erregeak magoak ez ziren ez errege ezta hiru ere, magoak bai itxuraz (eta gaur egun gurasoak), Olentzero bestalde bildurgarria da, ez Santa Klausen birziklatutako pertsonai jatorregia (gero eta garbiagoa gainera). Gameluek ez dute ura gordetzen konkorretan ipurdian kostoa baizik. Boterea ekonomikoa da, botere exekutiboa (izenak dioen bezela) haien aginduak betetzeko jarrita dago. A! eta azken gauza bat, jaioberriek ikusten dute eta haien begien kolorea ez dauka zerikusirik esnearekin. Hara! Azkenean Umbralena egin ordez ahaztu zaigu gure diskaz hitz egitea! Beraz entzunzank ala etor hadi gure zuzenekoetara!

idoia torregaray

 egin klik hemen —>   BARRETARTIA.COM

Estandarra

Berriz ere KORRIKA kulturalean, aurrekoan Usurbilen, oraingo hontan ELIZONDON

Uncategorized

Berriz ere KORRIKA kulturalean, aurrekoan Usurbilen, oraingo hontan ELIZONDON

Irudia

Bizkaian gure aurreneko kontzertua, GERNIKAN ! TRINKETE antitxokoan

Uncategorized

Gure aurreneko kontzertua Bizkaialdean, GERNIKAN ! TRINKETE antitxokoan

Irudia
prentsa

BERRIAN ATERATAKO ARTIKULOTXOA


 2013-01-17

Dantzarako eskaintza beroa

Makulu Ken taldeak funk, rock eta afrobeat doinuak nahastuta atera du aurreneko diskoa

IGOR SUSAETA

Makulu Ken taldekoak, Donostiako Kortxoenea gaztetxean jotzen. / MAKOKI.

Aurreneko diskoa joan den ekainean kaleratu zuen Makulu Ken taldeak, baina zuzenekoetan dezenteko eskarmentua pilatu dute, 2007an etxean, Lasarteko Jalgi tabernan, estreinako kontzertua eman zutenetik. Geroztik, 50 zuzenekotik gora eskaini dituzte, rock, funk eta afrobeat doinuak nahastuz eta dantzarako gonbita beroa proposatuz. Iñigo Suberbiola Xubertaldeko perkusio jotzaileak badaki «parrandarako eta dantzarako» grina pizten dutela haiek jotako abestiek.

Hamar bildu dituzte diskoan. Dozena bat kantu zituztenean deliberatu zuten horiek lan batean biltzea, bizpahiru urteko bidea urratu ondoren. «Gure helburua inoiz ez da izan disko bat osatzea». Haiek gogoko dutena da elkartzea, musika sortzea eta «tarteka» kontzertuak ematea. «Beste batzuek, berriz, kontrako bidea egiten dute: diskoa egin, saldu, eta hura promozionatu». Baina, une batean, hamar abestitik gora zituztela konturatu zirenean, haien buruei galdetu zieten zer egin zezaketen horiekin: «Berriro hasiko gara? Abesti berriak egingo ditugu?». Hortaz, «orrialdea pasatzea» erabaki zuten, diskoa egitea. Haien jardunari dagokionez, «aldaketa handia» izan zen. Zuzenekoak alboratu zituzten, abestiei beste buelta bat eman zieten… «Ez genuen maketatxo bat osatu nahi. Behin egiten hasita, ondo egin nahi genuen».

Hartu zituzten perkusio instrumentuak, baxua (Patxus) eta bateria (Txus), eta Usurbilgo Higain estudiora jo zuten, Haritz Harregirengana. «Biolinak, ahotsak, gitarrak [Xabi] eta beste, berriz, gure lokalean grabatu genituen». Diskoan kolaboratu dute, gainera, Oreka Tx-k, Asier Suberbiola biolin jotzaileak, Xabi Beldarrain eta Josu Gabellanesek Brasilgo perkusio instrumentuak joz (surdoa eta pandeiroa), Oreindik funk taldeko Josu Etxeberriak ahotsetan, eta Igor Gartziak (saxoa), Iñigo Isastik (tronboia) eta Gorka Segurolak (tronpeta). Nahasketak Joan Berenguerrek egin zituen Bartzelonan, eta hark txertatu zituen teklatuak. «Orduan erabaki genuen teklatu jotzaile bat gehitzea taldera». Bea ari da orain lan horretan.

Elementu horiek guztiak koktelontzian sartu zituzten, eta isuritakoaren, hau da, diskoaren 500 ale saldu dituzte. Harrera «nahiko ona» eduki dutela iruditzen zaio Xuberri. Kontzertuetan ere bai. «Beharbada, hemen jendea ez dago oso ohituta horrelako musika aditzera». Hasieran «harrituta» geratzen dira haien zuzenekoetara bildutakoak. Kantuak jo ahala, ordea, jendea dantzan hasten da. «Euskaldunak, normalean, musikarekin lepoa mugitzera mugatzen dira, baina gurekin jendea dantzan hasten da; baita diskoa bere soilean entzundakoan ere».

Fela Kutiren bertsioa

Makulu Ken-ekoen helburua ez da dantzarako musika egitea, baina badakite dantzagarriak ateratzen zaizkiela abestiak. Normala da, bestalde, musika beltzeko osagaiak elkarrekin egosten jarriz gero. Bai Xuberrek baita Xabi abeslari eta gitarra jotzaileak ere, taldeko konposatzaileek, aspalditik entzuten dute musika afrikarra. «Baina baita punka, rocka, hardcorea…». Horra estilo nahasketaren azalpena.

Behar bezalako funk edo musika afrikarreko talde bat izateko, ia-ia ezinbesteko baldintzetako bat da kide dezente biltzea taldean. Zazpi dira haiek. Eta beharrezko beste baldintza bat da koroak egitea emakumezkoen ahotsekin. Eider eta Itxasoren lana da hori Makulu Ken-en. «2009an sartu ziren taldean, eta egia da atentzioa ematen duela haien ekarpenak, igual hemen ohikoegia ez delako. Diskorako lan handia egin genuen ahotsei dagokienean».

Hurrengo zuzenekoa Aldatzen (Nafarroa) emango dute, larunbatean, eta otsailaren 23an Gernikan arituko dira. Kontzertuetan Fela Kuti nigeriarraren —«hango funkaren eta Afrikako musika beltzaren arteko nahasketa da afrobeata»— abesti baten bertsioa jotzen dute. «Reggaean Bob Marley zena zen Kuti afrobeatean». Zozo Afrobeat taldearen bertsio bat ere egiten dute.

 

Honeraino artikulua, guk 2 pertsona faltan bota dittugu batez ere: Xanti Noriega, produktorea, bera gabe diska hau ez luke edukiko horrenbeste “kalidadea”, eta Enekora Bea abestian (bai irrati guztietan behin eta berriz pintxatzen dutena) Kora grabatu ziguna. Beasaingo ume koadrilla ere ezin ahaztu elefantean

Estandarra

Uncategorized

makulu & makala

Irudia