Habe aldizkarian agertutako elkarrizketa (2010 otsaila, 407 zenb.)

Makulu Ken taldea Gipuzkoako Lasarte-Oriatik datorkigu. Duela bi urte elkartu ziren bere kideak funky eta reggae musika motak erritmo afrikarrekin elkartzeko asmoak bultzatuta. Nahasketa honetan, afrobeat-a edo afrikar funky estiloak atzeman daitezke, baina nabarmena da, era berean, rockaren nahiz reggae musikaren eragina. Zuzenean ikusi, entzun eta, nahi izanez gero, dantzan aritzeko taldea delaaitortu digute.

Taldearen izenaren jatorriaz:

Taldearen izena behar bezala ulertzeko, ezinbestekoa da makulu hitzaren esanahiari erreparatzea. Dakizuen bezala, makuluak makila modukoak dira, galtzarbean kokatuta, ibiltzen laguntzeko balio diguten euskarriak, baina bere esanahi zabalean hartuta, makulua laguntza ere bada, lagungarria dena, babesa, elkartasuna, sostengua. Honela diote taldekideek: “Ibiltzeko, hitz egiteko, egarria asetzeko, elkar maitatzeko… erabiltzen ditugu makuluak, egiak aitortzeko, kantatzeko, aske izateko… horra hor, adibidez, tele-makulu, kotxe-makulu, sare-makulu, koka-kola-makulu, diru-makulu, moda-makulu…    makuluak kendu! makulu ken!”

Ikusiko duzuenez, oso umore onez erantzun dizkiete gure galderei Makulu Ken taldekoek, bromazale ere badirela erakutsiz.

Duela hiru urte sortu zenuten taldea. Zein izan da zuen ibilbidea ordutik hona?

Hiru urte pasa dira egitasmoa hasi zenetik, baina kontzertuak ematen urte pare bat daramatzagu. Teklista batekin saiatu ginen hasieran, gero tronpeta-jole batekin… gero koroak egiteko neskak sartu ziren banan-banan (orain gurekin ari diren berberak), eta horrek ere denbora lapurtzen dizu… Aurten bi taldekide makuluekin ibili gara (maldizioa ote?) eta hau dela eta, kontzertu askorik ere ez dugu eman. Hori bai, leku zoragarrietan jotzeko suertea izan dugu:  San Ferminetan, Nafarra Oinez-eko kontzertua, Hernaniko Txillida-Leku museoan, Irunberriko festetan, Zarauzko malekoian, Lasarteko Gau Multimusikalean (bitan), Valentziako Carcaixent-eko festa alternatiboetan eta Gasteizen, besteak beste. Egia esan, leku guztietan izugarri ondo tratatu gaituzte eta hemendik aurrera, taldea finkatuagoa dagoela, azeleragailua zapaldu eta kontzertu gehiago ematea espero dugu.

Zuen taldean esperientzia handiko jendea eta hasiberriak elkartu zarete. Nola moldatu zarete zuen artean?

Bai, egia da oso eskarmentu ezberdineko jendeak osatzen dugula taldea, batez ere oholtza gainean. Batzuek, eszenatokia bigarren etxetzat dute, beste batzuk nahiko ohituta daude eta gainerakoek, berriz, Makulu Ken taldearekin izan dute lehengo esperientzia jendaurrean. Halere, nahiko ondo konpondu gara orain arte urduritasun eta abarrei aurre egiteko garaian. Entseguen aldetik, arazo gutxi sortu dira (betikoak!) Konposizioan, trebeagoak direnak aritzen dira eta beste kideek interpretatu egiten dute. Entseguetan, eskarmentu handiko taldeetan gertatzen den bezala, batzuek azkar ikasten dituzte gauza berriak, beste batzuek, motelago, batek gehiagotan desafinatzen du, besteak sokak behin eta berriz puskatu, beste batek hitzak ahaztu… hori guztia konpontzeko, etxeko lanak asmatu ziren (eta pazientzia!).

Zein da, zuen ustez, Makulu Ken taldeak duen ezaugarri nagusia?

Taldekide guztiak zeharo sexyak, jatorrak eta sinpatikoak garela… Eta gainera, segur aski, Euskal Herrian entzun ohi ez diren erritmo afrikarrak lantzen ditugula, talde gehienek ingeles edota estatubatuar erritmoak jotzen dituzten bitartean.

Dantzatzeko ala entzuteko musika jotzen duzue?

Biak! Erritmoari garrantzia handia ematen badiogu ere, ez da txikiagoa hitzei, melodiari edota moldaketei ematen dieguna. Beraz, dantzatzeko gogoa izan ala ez, etor zaitezte Makulu Ken-en kontzertuetara! Ez dago aitzakiarik (makuluak kendu!).

Egia al da gero eta zuzeneko emanaldi gutxiago ematen direla? Sumatu al duzue zuek beherakada hori?

Batek daki! Ematen du kontzertuen formatua aldatu egin dela. Gero eta leku gehiagotan egiten dira kontzertu txikiak: kalean, azoka guneetan… Horren adibide garbia da Xpressionk! kultur plataforma: Gabonetan hamaika kontzertu antolatu ditu kalean, tabernetan eta merkataritza-guneetan.

Noizko zuen lehenengo diskoa kalean?

Auskalo! Momentuz, zuzenean jotzeko gogoa daukagu, asko gustatzen zaigu zuzenekoa.

Zein da zuen etorkizunerako desioa? Noraino iritsi nahi duzue musika-munduan?

Platinozko disko pare bat, mundu osotik bira bat egitea hegazkin pribatuan eta limusinan eta, noizean behin, botox-a sartzeko nahikoa diru edukitzea… Beno, serio esanda: Momentuz, zuzenekoa hobetu eta kanta gehiago konposatzea da gure helburu nagusia.

hemen duzue jatorrizkoa nahi bazezue (30. orrialdean dago)

http://www.ikasbil.net/idatziak/HABE%20407%20gertu_osoa_100202_0938.pdf

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s